XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zorionaren zoriona izan zen, aldiz, ni nengoena baino hiru arrabete haratago ohol-zati eder bati begieman niola.

Oholari eutsi nion esku batez, eta Bittorianoren paparrari besteaz.

Eskuak! agindu nion.

Goitik jaustean Bittorianoren eskuetariko batek nahi gabe idoro zuen ohol-zatia.

Nik neuk haren paparrean kate arin batez eskegita zegoen zeozeri oratu nion.

Zer ote zen hura? Ikusi eta ez ikusi izan zen, zeren eta zintzilikario hari ahulegi iritzita nik, atorratik eutsi bainion sendo.

Hala ere, paparreko hura ez dut ahazteko.

Eder taxuturiko gurutzea zen, eta ez edonolakoa; gurutzeak beheko besoan zintzilik halako hegazti bat zuen, urregorrizkoa edo.

Ohostua ote zen bitxi hura? Olatu baten zartadak gogor eutsi beharko niola gogorarazi zidan eta, halaxe ahaztu nintzen kuttun antzeko harekin. Orduan ez nion bestelako garrantzirik eman, lana bainuen egiteko. Eta nolakoa gainera! Ni hiru bider zen gizona handik ateratzea.

Lanaren erdia baino gehiago egina zen, zorionez. Lasaitu nintzen apur bat, eta fraideen txaluparen zain geratzea baino beste zereginik ez genuela iritzita nengoela, durduzurtu egin ninduen beste zerbait ikusi nuen: Bittorianoren begiak, urregorrizko bitxia baino argiago.

Egun ere Bittorianoren begiak txitean-pitean agertzen zaizkit, urregorrizko bitxiari eta beste zennbait oroitzapeni nahasturik.

Hil-hurren zegoen gizon haren begietako ninietan leizeak ageri ziren.

Oraindio mundu honetan egon arren dagoeneko beste aldeko airea arnasten duenaren zer zehaztezin bat zuen, izulaborriaren antzeko zerbait, halako urruntasun infinito bat edo, bizitza honen eta bestearen arteko marran hemengo alde honetara barik besterantz joatekotan zela ziostana.